jueves, 16 de abril de 2015

Alemania euskaraz

Hainbestek euskarazko idatziren bat eskatu ondoren, hemen duzue azkenean. Luzea da, baina dudan bakarra da, eta oso gustura idatzi nuen eskolako aldizkarirako izan arren. Muxu handi bat denoi, zuen iritzia jakin nahiko nuke <3




Askorentzat lehen aldia zen jaioterritik hainbeste urruntzen ginela.  Parisen egonak ginen urtebete lehenago, baina oraingoan bidaia askoz luzeagoa zen eta urduritasunak eztarria estutzen zigun. Alemaniara egingo genuen bidaia gure ahoetan zegoen ia gai bakarra izan zen hainbat hilabete lehenagotik,eta, eguna iritsi ahala, gero eta aztoratuago geunden denok. Hara habiatu ginen asteazken haren aurreko egunak irakasleentzako infernu pertsonal bat izan ziren: ezin genuen gure irrika ezkutatu, eta 31 nerabeen irrika Katrina Urakanaren antzekoa dela argi geratu zitzaigun denoi.
Gutxi batzuk astebete lehenago hasi ziren gauzak prestatzen, arropa konbinazioak egiten, beharrezkoak zirenak bilatzen, edo hango familiari oparitxoren bat erosten; gehienak, ordea, aurreko egunean prestatu genuen den-dena. Jakina da halako gauzak azken unerako uztea zein dibertigarria den.

·····································································

2015eko urtarrilaren 8a. Arratsaldeko seiak. Espazio-ontzi bat zirudien autobus bat. 35 pertsona etxean aurkituriko maleta handienarekin, armairu enpotratu mugikor baten antzerakoak (batez ere Ingerena). 30 lurrikara, 2 sorgin, autobuseko komuna irekitzen ez ziguten 2 txofer, eta Julen, gida turistiko partikularra. 21 ordu futbol talde bat bere baitan izan duen gimnasio bat zirudien autobus batean; jende bat lur bustiaren gainean lotan, beste batzuk eternitatea iraun zuen naziei buruzko film bati begira-begira, beste bat denak gogaitzen bere argazki kamerarekin, beste bi Paris Hilton bezala antifaz batekin begietan… Zer ez zen gertatu autobus hartan?

Iritsi ginen Werther-era eguerdi partean, eta, nola ez, herri hartako alemaniar guztiak aztoratu genituen gure oihuekin. Denak kale erdian, lerro batean, pasahitz gabeko Wifiaren bila, gure alemaniarrei etortzeko presa sartzen. Etorri ziren, bada, hamabost orduren buruan kasik, eta halaxe joan ginen bakoitza bere aldetik.

Hurrengo eguna arte ez ginen berriro denak elkartu, gure adiskideekin lehen gaua pasa ondoren. Arratsaldean bolera batera joan ginen Bielefield-en, baina azkenean garagardotegi batean bezala bukatu genuen, masailak gorri-gorri eta boloak edozein modutara botatzen. Dotore agertu ginen Freddy-ren bideoetan! Hori gutxi balitz, hainbeste pertsona izanik, izugarrizko nahasmena izan zen denontzat zapatak hartu, ordaindu, mahaia aukeratu eta beharrezkoak ziren beste ehun gauza gehiago egiteko orduan. Hala ere, primeran pasa genuen bata bestea pikatuz, lehiatzen, ea zein zen hobea erakusteko gurarekin. Eguna ondo bukatzeko, zerrikeriak afaltzea erabaki genuen denok.

Igandean, izotz gainean patinatzen eta kartsetan ibiltzen pasa genuen goiza, eta zaldi gainean buelta bat ematen, eskubaloi partidak ikusten, eta baita alemaniarren aurka futbolean aritzen ere! Gainera, batzuk badmintonen jolasten ibili ginen, beste batzuk, ordea, igerileku itxuroso batean blai eginda (euskal neska katxarroak erakutsi beharra zegoen, noski). Iluntzean, gehienak jatetxe eleganteetara joan ginen afaltzera. Euskaldun onak bezala, beste guztiak jatetxeekin bat eginda dotore-dotore jantzita zeuden bitartean, gu Salomon-ak eta Ternua-ko galtzak jantzita joan ginen, nola ez… Salomon-ak hil artean!

Gure lagun alemaniarrekin asteburu eder bat igaro ondoren, ikasleak garela ia ahaztu zitzaigun. Baina, lasai, hantxe etorri ziren alemaniarrak beren buru argiekin, eta, zer bururatuko zitzaien? Beraiekin eskolara joatea goizeko 7:30etan, noski! Guk ere maite zaituztegu.

Horrela ba, begien azpian Coloradoko Kanoi Handia ziruditen bi zulo moreekin habiatu ginen eskolara, motxilak bizkarrean harturik. Euri zaparrada itzelen azpian. Aterkiak hegan alde egiten zuela. Euskal Herriko kobazulo baten barnean baina beltzago zegoela zerua. Zoriontasuna puri-purian, ikus daitekeen bezala. Plastika, filosofia, historia, erlijioa… ikasgai guztietan murgildu ginen, baina tutik ulertu gabe, noski. Umetxoak ginenean bezala, marrazkiei begira. Hango jangelan bazkaldu genuen, Estatu Batuetako filmetan agertzen diren jangeletako batean egongo bagina bezala. Arratsaldean, soinketako klasea izan genuen, eta, berriro ere, futbol partida neketsuetan barrena igaro genuen denbora.

Zazpiak aldera edo, Florian izeneko alemaniar baten etxean bildu ginen denok, eguraldi kaxkarrari aurre egiteko asmotan kalefakzioa martxan jarrita. Hiru sofatan 50 pertsona pilatu ginen elkarri lekua kentzen.Dezibelioak igoarazi genituen musikarekin, eta denontzat txikiegia zen etxe hartan ilunabar polita igaro genuen.

Asteartean, autobusera igo eta han inguruko pastel denda batera bisita egin genuen. Bertan, bertako ogia, pastelak, tartak,… nola egiten ziren erakutsi zigun nagusiak. Denda osotik eman genuen buelta, ahal genuen guztietan  gozokiren bat edo beste lapurtuz. Esan zigutenez, denda hura berezia eta famatua zen Pumpernickel izeneko ogi beltza egiteagatik, eta, opari modura, bakoitzari zati bat eman zigun nagusiak etxera eramateko! (Zera baino txarragoa zegoen, baina zaldi oparituari ez begiratu hortzak…)

Ondoren, Volkswagen kotxeen museo bat ikustera abiatu ginen. Zirudienez, nagusiak behin marka horretako kotxe zahar batekin topo egin zuen eta liluraturik gelditu zen. Handik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, gero eta kotxe gehiago erosten eta lortzen joan zen eta, azkenerako, ehunka kotxe izan zituen bere eskuetan. Batzuk Lehen Mundu Gerraren hurrengo urteetakoak ere baziren. Horrela, hainbeste auto koloretsuren artean, goiza joan zitzaigun hegan. Bazkaldu ondoren bueltatu ginen gure etxeetara, eta batzuk arratsaldea shopping egiten igaro genuen moduan, beste batzuk etxean pelikula eta serieak ikusten ibili ginen. Egun neketsu baten ondoren, erlaxatzeko modu onena dudarik gabe. Ausarten bat kalera ere irten zen, baina ez ziren oso urruti joango…

Asteazkena polita izan zen. Münster izeneko hiri batera eraman gintuzten gure bi txoferrek autobusean. Bertan hiru (edo hogeita bost) eliza eta katedral bisitatu genituen gida batekin. Hiri hartan pelikula bateko aktore ginela zirudien, hiri osoak ametsetakoa baitzirudien. Etxeak, lerro perfektuak osatzen zituztelarik, hiri osoa argitzen zuten beren kolore bitxiekin; kale guztietan musika doinuak entzuten ziren nonahi, akordeoia, gitarra, baita saxofoia ere jotzen zuten pertsonak beste guztion bizitzak alaitzea helburu zutela ematen zuen; hirian zeuden 600.000 bizikletek izugarrizko dinamismoa ematen zioten bertako eguneroko bizitzari, eta han eta hemen aurkitzen zenituen gurpilak jirabiran. Guk bisitatu genuen egunean, gainera, euria gurekin eraman genuen, nola ez, baina hainbeste dinamismo zuen hiri hartan hainbesteko aterki dantza ederra gelditzen zitzaion.Hiru orduz denbora librea oparitu ziguten irakasleek, segur aski gutaz behingoz libratzeko, eta handik bueltaka ia zorabiatu ginen.

Ondoren, espazio-ontzian berriro igo eta garagardotegi batean jaitsi ginen (Alemanian izan ginen egunetan lurrera erorita zauri bat eginez gero, odola beharrean hura aterako zitzaigulakoan nago: zerbeza, edalontzi eta guzti). Han 16 urterekin edan daitekeela aprobetxatuz, batzuk ur moduan edaten genuen ia.

Leku hartan, nagusiak gutxi gorabehera zazpi orduz hitz egiten jardun zuen, Jainkoak daki zertaz inork ez baitzuen hitz bat ere ulertu. Ondoren, nola ez, izugarrizko edalontzi puskak ekarri zizkigun denontzat, eta baita platertxo batean saltxitxa erraldoi bat ere. Gainera, amaitzeko, pastel berezi bat eskaini ziguten, eta denok Olentzeroren triparen antzeko zerbaitekin irten ginen bertatik. Jan eta gehiago jan, potolo, zer bestela!

Toki hartan egindako guztia gutxi balitz, nagusiak garagardoa egiten zen lekura eraman gintuen prozesu osoa esplikatzeko asmoz, guri izugarri interesatzen baitzaizkigu halako gauza astunak, e? Halaxe, sabela bete betearekin, kristoren nekearekin eta nonbait etzateko gogo apartarekin beste 40 minutuko bakarrizketa entzun behar izan genuen. Hala ere, denok genuen logurarekin, zaldiak bezala zutik kuluxka bat egin genuen, entzuten ari bagina bezalako plantak egiten, eta uste baina azkarrago bakoitza bere etxean zegoen. Hala ere, deskantsatzeko denbora askorik ez genuen izan, seietan geldituak baikinen BIG PARTY (festa handia) ospatzeko. Beraz, etxera joan, dutxatu, eta eramandako arropa dezenteena soinean jantzita gazte lokal moduko batera eraman gintuzten.
60 pertsona bildu ginen han. Eroren batek etxetik ordenagailua eraman zuen, besteren batek bozgorailuak, denon artean mila eta bi zerrikeri, eta, nola ez, garagardoa. Zer sorpresa.

Batzuk 12ak arte egon ginen dantzan gelditu gabe; beste batzuk, ordea, lehenago joan izan behar genuen. Hala ere, denok batera oso ondo pasa genuen: alemaniarrek beren abesti gustukoenak erakutsi zizkiguten, eta guk berdina gureekin. Txanda modukoetan abesti eta dantza ezberdinak erakutsi genituen, ingurukoek animatzen gintuzten bitartean. Denon artean festa itzela muntatu genuen lau pareten artean, eta benetan gustura igaro genuen azken gaua.

·····································································

2015eko urtarrilaren 15a. Goizeko zazpi eta erdiak. 60 pertsona  baino gehiago autobus baten inguruan bilduta, gehienak negar malkotan. Hara joaterakoan zeuden maleta guztiak baino gehiago zeudela zirudien. Azken momentuko oparitxoak lagunen artean, laster elkar berriro ikusiko dugunaren promesak denen ahotan. Horrela baita: nahiz eta batzuetan momentu onenak ez bizitu izan, oso aste polita igaro genuen Wertherren, eta bueltako autobusean tristezia moduko bat arnasten zen autobusean. Batzuk jada martxoan alemaniarrek Euskal Herria bisitatzen zutenean zer egin pentsatzen hasita geunden jaioterrira hurbildu ahala.

Egun hartan Bruselasen geldialditxo bat egin genuen bazkaltzeko, eta bertako eraikinek liluratuta utzi gintuzten erabat, baina gure tristurak begiak lausotzen zizkigun. Nekea ere izango zen denok bueltako bidaian apaltzen gintuena, baina, nahiz eta halakoak onartzerik ez gustatu, gure lagunak eta haiekin igarotako egunak izugarri botako genituen faltan hurrengo asteetan. Gezurra dirudi, baina sei egun kaxkarretan adiskidetasun giro itzela sortu genuen denon artean.

Martxoaren erdialdean alemaniarrak etortzekoak dira hona. Denok irrikatan gaude, baina kontziente gara behar bada elkar ikusiko dugun azken aldia izango dela hau; beraz, edukiko dugun denbora ahalik eta gehien aprobetxatzea pentsatzen dugu, noski: Donostiara eramango ditugu, Juantxon bokadilo bat jatera; eta sagardotegietara, ea bakailao tortillaz gu bezainbeste maitemintzen diren; eta Euskal Herrian nonahi aurki daitezkeen parajeak begiztatzera, gure herri maitea zein ederra den ikus dezaten; eta Hernanira festan larunbatean, erakusten dituzten zintzo plantak pixka batean ezkutatzeko guraz; eta hau, eta bestea… Mila eta bi gauza! Ea Alemanian igarotakoa bezain polita den.
Seguru gaude baietz.


https://www.youtube.com/watch?v=AkoVB_zSCOE

No hay comentarios:

Publicar un comentario